Esteban Torres (Gasteiz, 1964) Bilbon bizi da eta bertan egiten du lan. 1989an Arte Ederretako Lizentziatura lortu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean.
Haren lanak bi ardatz ditu: praktika artistikoa batetik, eta arkitektura, ingeniaritza zein bestelako proiektu publikoen zuzendaritza kontzeptual eta proiektuala bestetik. Bere sorkuntza instalazioen, eskulturen, bideoen eta testuen bidez garatu da, baita elkarlaneko egitasmoetan ere; batzuetan sorkuntza-gorputz autonomo gisa, eta beste batzuetan hirigintza, arte, arkitektura, ikus-entzunezko edota literaturako hirugarrenen proposamenei lagunduz (normalean kontzeptu zabaldun testuen eta bideoen bidez).
Laurogeiko hamarkadan hasi zuen bere ibilbidea, La piel falsa (1994, Ur Biltegia, Vitoria-Gasteiz) bezalako esku-hartzeekin, Basauriko Kultur Etxeko (1997) proiektuekin edota Cuencako Karmeldarren Komentuko (1998) egitasmoarekin. Bere erakusketa eta kolaborazioen artean, aipagarriak dira Charo Garaigortarekin batera egindako Science is Fiction (2011) eta Muro de Maravillas (2015, La Taller). 2015ean Sweet.Documents bideoa aurkeztu zuen Colonia Apócrifa erakusketan (2015, MUSAC, León), eta ondoren Navidad en Moscú argitaratu zuen (2016, CUNY, New York) eta Manu Urangarekin elkarlanean aritu zen Koskorrak (2017) bezalako proiektuetan, besteak beste.
Beka eta sari ugari jaso ditu, esaterako, Bilbao Arte eta Artium beka (2008), Lanekintza 2. saria (2003) eta Eremuak laguntza (2024).
2022an 2 Ordu proiektua sortu zuen Bilbo Zaharrean; hiri-ideazioari eskainitako gunea da, laborategi pribatu gisa funtzionatzen duena (publikoaren partaidetzarekin), Bilbo eta bere lurraldea hurbilketa ez-normatiboen bidez pentsatzeko helburuarekin.