Elena Mendizabal (Donostia, 1960). Formak eta figurak egitea; egiterakoan, eta begiratzen dien horrengan, memorian artxibatuta dagoena azaleratu dezaten. Hainbat irudi, estetika, artista, leku eta garai, sentikortasun, emozio zein ezagutzaren gordailu direnak; orainean elkar gurutzatzen direnak, hitzik gabeko “egiak”, auzi garrantzitsu eta arinak biltzen dituztenak.
Erakusketa edo aldi baten ondoren lanera itzultzen naizenean, proiektu berri bati ekiten diot, berrabiarazi egiten naiz. Abenturatik badu zerbait, bai teknikoki, bai formalki eta materialki, eta horrek egiten du oso interesgarri. Denboraren pasatzearekin batera, artistengandik eta estetiketatik sortzen diren erreferente eta elkarteez gain, nire artxibo propioa dago, egindakoa. Hori guztia modu espontaneoan sortzen da, eta asmo gidari bat egon arren, tarte handia uzten dio prozesuan azaleratzen denari, deribari eta ezustekoari. Egiteko dagoen lana ez dago inoiz eginda.
Estiloaren kontzeptua, mantentzen diren ezaugarri formal ezagungarri gisa, ez doa nirekin. Halakorik bilatu gabe, egiteko askatasuna askatasuna da. Nire lanean hainbat hizkuntza, material eta morfologia erabiltzen ditut, hainbat “ni”-ren adierazpenei bide emanez.
Urkia Sánchez (Bilbo, 1997). Lehen Hezkuntzan graduatu zen EHU/UPVn (2019). Unibertsitate berean Zeramika: artea eta funtzioa Masterra (2023) eta Arte Ikerketa eta Sorkuntza Masterra (2024) egin zituen.
Hainbat aretotan erakutsi du bere lana, besteak beste: Bi Hormetara (2024), Bizkaiko Batzar Nagusiak (2023), Aire Galería (2025) eta ESDIR (2024). Bi artista-egoitzatan ere parte hartu du: Landscape Together (2024) eta FotoEnkarterri(2023) egitasmoetan.
Artista eta hezitzaile gisa duen profil bikoitzari esker, hainbat Bitartekaritza proiektutan parte hartu du Chillida Leku Museoan (2024), Arte Ederren Museoan (2024) zein ZirriMarra arte-zentroan (2024). Horrez gain, nazioarteko hainbat biltzarretan parte hartu du —XIV Congresso Internacional CSO (2022), CIVAE 4th Interdisciplinary and Virtual Conference on Arts in Education (2022) eta Nazioarteko Arte eta Literatura Hezkuntza Biltzarrean (2022)—, non batez ere artearen eta hezkuntzaren arteko loturak arakatu zituen.